Jarduerak >>
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak landuriko proiektua, bertako Zuzendaritza Batzordeak onartua 1998-04-16ko bilkuran.
1.- SUSTATZAILEA: hemen aurkezten dugun “Kulturen arragoa” egitasmoa Manuel Larramendi Kultur Bazkunak sustaturikoa da. Aipatu Larramendi bazkunak lanean dihardu 1992-ko azaroaz geroztik Gipuzkoako Beterri-Aiztondo eskualdean, Gipuzkoako hiriburu den Donostiatik 15en bat kilometrora. Aipatu eskualdea honako herriek osatzen dute: Andoain (15.000 b.), Amasa-Villabona (5.200 b.), Zizurkil (3.000 b.), Asteasu (1.300 b.), Aduna (270 b.) eta Larraul (140 b.) eta Gipuzkoako erdi-ekialdeko alderdian dago, esan bezala, lurraldeko hiriburu den Donostia eta Tolosa herri bikainaren artean, Ernio (hego-mendebaldean), Adarra (ifar-ekialdean), Loatzo (hegoa) edo Buruntza (ifarraldean) gisako mendien babespean. Sortzez Manuel Larramendi Kultur Bazkunak ondoko helburuak atxeki zizkion bere jardunari:
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna legez eraturiko elkartea da, irabazi asmorik gabea, bere bazkideek egindako diruekarpenetara mugaturiko dirubide ahalmena daukana, eta, horrenbestez, bere ihardueretariko asko erakunde publiko eta pribatuen laguntza eta babesaz burutzen ditu. Gaur egun 115 bazkide ditu goian aipatu ditugun sei herrietan.
Bere jarduneko lehenengo bost urteetan burutu dituen ihardueren artetik ondokoak azpimarra litezke: herri eta eskualde informazioa zabaltzen duen “Aiurri” aldizkari hamabostekaria argitaratzea -bataz beste 2.500 aletako argitaraldia-; “Saiakera” izeneko bilduma argitaratzea, zeinean argitara eman dira dagoenekoz hainbat egilek idatziriko lau saiakera lan; “Rikardo Arregi” izena daraman hemeroteka sortzea, hutsik euskaraz idatzi eta argitara emandako prentsak osaturiko fondoa zaindu eta kontsultara jarriko duena; “Beterriko liburua” literatur aipamena, horren bidez eskualdeko irakurleek urtean zehar argitara emandako euskarazko literatur lanik onena hautatzen dutelarik; “Lekukotzak” izeneko orritxoa argitara ematea, horren xedea izanik berariazko ondare kulturala bildu eta ezagutzera ematea (kanta eta bertsoak, kondaira eta kontakizunak, bitxikeria historikoak), erraz ulertuko diren eduki grafikoak erabiliz; hizkuntz gutxiengotuei normalkuntza sozialari buruzko ikastaroak -hori da euskarak berak bizi duen egoera-; eta beste hainbat zabalkunde, aholkularitza edo laguntza iharduera euskararekin eta bere gizarte normalkuntzarekin edo, oro har, euskal gizarte eta kulturarekin loturikoak.
Gaur egun, txosten honetan azaldurikoaz gain egitasmo berritan dihardu; esate baterako, eskualde mailako telebista xede duena -teleko-munikabideetako zabalago batean txertatua- eta beste egitasmo ibiltari bat, xedea duena euskal gazteri berriari euskal lurralde guztietako bizi-taupada eta errealitate sozio-kulturala ezagutzera ematea. Azken horri “Euskal Herrian barrena” izena eman diogu.
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna Zuzendaritza Batzorde baten gidaritzapean dago, eta batzorde hori osatzen dute, lehendakari, lehendakariorde, idazkari eta diruzainaz gain, bazkunaren jardun eremua osatzen duten herri guztietako ahaldun edo ordezkariak. Gainera, Larramendi Bazkunak hainbat lan-batzorde du bere baitan. Bere egoitza orokorra Andoainen dago (Gipuzkoa), Dr. Huizi kaleko 15. zenbakian.
Beraz, jarraian azalduko dugun programak lorkizun dituen helburuak, Kultur Bazkunak berak sortzez dituen helburuetatik eratorriak dira.
“Kulturen arragoa” Euskal Herriko kultura bertakoa eta berariazkoa eta gaur egun munduko agergunean bereari lekua egiteagatik taupadan diharduten kulturak bere artean hurbildu nahi dituen proposamena da. Xedea zera litzateke: topagune jakin bat antolatzea, horren bitartez euskal herritar batzuek aukera izango bailukete beste herri eta gizatalde batzuetako errealitate soziala eta kulturala ezagutzeko, eta aldi berean herri edo gizatalde horietako lagun kopuru berdina bertaratuko litzaiguke “bizi-bizian eta zuzenean” ezagutzeko, bitartekaririk gabe eta beste inoren laguntzarik gabe, euskal kulturak eta euskal gizarteak gaur bizi duten errealitatea.
Gure aldetik nahikoa egiaztatu ahal izan dugu maiz Euskal Herria gure mugetatik kanpo ezezaguna dela, ez dela behar bezala ezagutzen, edo sarritan gure herriari buruzko irudi neurriz galdua eta errealitatearekin bat ez datozen topiko eta estereotipoz josia izan ohi dutela. Gure hizkuntza eta kulturaren errealitatea ezezaguna da nazioarteko plazan eta, batzuetan, euskaldunak berak dira behar bezala ezagutzen ez dutenak, eta gure mugetatik at eta barnerat ezagutzen dutenengan sarritan aurriritzi ugari abailtzen da, hurbilago daudekeenak mitoaren esparrutik ezagut litezkeen gertakari benetakoetatik baino.
Era berean, euskal gizarteak argi eta garbi kontrajarri diren bi jokabide izan ditu gizaldietan zehar: batetik, herriko bertako kulturan hertsirik bizi izan da, bere mugetatik kanpo ezagutzera eman gabe, eta beste gizarte batzuekiko harremana beti gaztelar edo fantses hizkuntza eta kulturen bitartez eginaz, bi horiek euskaldunek beretzat hartu baitituzte horien aldetik beste horrenbestekorik gertatu gabe. Bestetik, herritik besteratu den bezain laster berezko zituen hizkuntza eta kultura bertan behera utzi ditu, bere baitan hartzen zuen gizarte berrikoa bete-betean bere eginez, belaunaldi batzuen buruan bere jatorria ahaztutzeraino.
Azken jokabidea hau erraz ezagut liteke, esate baterako, Hegoamerikako herrialdeetan, bertan euskal emigrazioaren fruituak uste ezineko neurria hartzen baitu, eta euskal jatorriko ondorengo horietariko askok jatorri horri buruzko ezagupiderik behinena ere ez baitute. Euskalduna, beraz, erabateko ostrazismotik -berezko izaerak eta bere modus vivendi-ak ezarririkoa-, alegia beste kulturenganako bere baitako ezagupide eta zuzeneko harremana aintzakotzat izan ez duenetik, gehienetan erro-errotik berezkoarekin eteten zuen emigrazio batera igaro izan da. Horregatik da gurea, hain zuzen ere, kultura eta gizarte ezezaguna edota hain gaizki ezagutzen dena. Hortik nonbait, kultura garen heinean, beste batzuekiko harremana eta ezagupidea hain txikia izatea edota, askotan, hutsa.
Horregatik, beharrezko gertatzen da gure kultura eta gizartea zuzen-zuzenean eta jarduteko era zabalez beste gizatalde kultural batzuengana hurbiltzea, horiekin harremanetan jarriz elkarrengana hurbilduz elkar ezagutzeko aukera emango duen egitarau baten bitartez.
Trukaketa egitasmo honen xedea lankide diren erakunde antolatzaileen konturako egonaldiak eskainiko dituen elkartrukaketa egitea da, partaideek berek egindako bisitaldiari kanpoko beste bisitari batentzako aterpea eskainiz erantzun beharrik izan gabe.
Azalpen orokor gisa, proposaturiko egitaraua bere gain hartu beharko lukete neurri berean erakunde lankideek, hots, hemen bertan Manuel Larramendi Kultur Bazkunak egiten duen ekarpenaren halakoa -lortzen dituen babes eta guzti- egin beharko luke egitarauan parte hartu nahi duen herrialde ezagukizuneko erakunde, bazkun edo elkarteak.
Horregatik, bere ildo nagusietan elkar-sustatua izan behar duen egitaraua da, eta horretarako Manuel Larramendi Kultur Bazkuna erakunde lankide baten bila abiatuko da ezagukizun den herrialdean. Halakorik lortuko balu, hitzarmen bidez lotuko luke dena-delako erakunde horrekin egitarauaren garapena.
Egitarauaren garapenaren gaineko azken erantzukizuna bi erakundeena izango litzateke, alegia, Manuel Larramendi Kultur Bazkunarengan letzake batetik eta, bestetik, hitzarmen bidez sustatzaile-kidearen izaera bere egiten duen erakundearengan. Alde batera utzirik osaturiko egitarauan hitz emandako erakundeek luketen zuzeneko erantzukizuna, bakoitzak beste erakunde edota elkarte batzuengandik nahi beste lankidetza eta laguntza eskatu eta eskuratu ahal izango du, baina babesle horiek ez dute hartuko sustaturiko egitarauaren baitan ez zuzenean ez eta subsidiarioki inolako ardura edo erantzukizunik.
Nolanahi ere sustatzaileak partaideei eskainiko zaien egitaraua oso-osorik antolatzeaz arduratuko dira, zeren eta haiek, gehienez ere, bidaia egiteko eta egonaldiko gastuen zati bat ordaintzeaz baino ez baitira arduratuko, gaineko xehetasunetan kezkarik izan gabe eta bere herri, eskualde edo herrialdea elkartrukaketaren ondorioz bisitatzen duten lagunen egonaldiarekin zerikusirik duen ezertaz arduratu beharrik izan gabe.
Sustatzaile-kideek, beti ere, bere eskutik edo beste batzuen bidez aipatu egitaraua antolatzeko ondoko baliabideak eskuratu beharko ditu edo ahal duen neurrian bere kostuari aurre egin:
Goian adierazirikoaren kalterik gabe, behin egitarau berezitu bakoitza landu ondoren, horietakoren batean baldintza apartekoak ezarri ahal izango dira, gastu kopuruaren eta egitarauan esku hartzen duten herrialde, herri edo erakundeen artean ahalmen ekonomikoari buruz dagoen aldearen arabera aintzakotzat hartuko baita partaideek bidaia, egonaldi edo mantenuko gastu kopuruaren zati bati aurre egin behar izatea.
Partaideek landu edo bete beharreko eginkizun edo egitarauei dagokienez, sustatzaile-kideek aurretiaz itundu beharko dituzte, atxekituz, halakorik balego bi aldeetatik, partaideak egonaldian zehar bete beharko lituzkeenak. Dena den, eginkizun horiek edo egonaldiko egitaraua egitasmo honek lorkizun dituen helburu nagusietara mugatuko dira eta aurretiaz bidai-planaren zati gisa idatziz jakinarazi beharko dira beti.
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bultzaturiko egitarau honen sustatzaile-kide izan ahalko da gizarte eta kultura eremua bere baitan hartzen duen erakunde, elkarte, bazkun edo entitate oro, hala izaera publikokoak direnean nola pribatuak direnean ere, izaera juridiko berezkoa izanez gero.
Egitasmo hau elkarrekin aurrera eramateko jardunbidea ondo soila da. Urratsez urrats azalduko dugu:
Adierazitako guztiagatik agiri hau esku artean jaso duten elkarte, erakunde eta bazkun orori zabalik dagokie, bere galdera, iradokizun edo egoki deritzoten gai oro aurkez diezaguten edota, bestela, aditzera eman diezaguten harremanik egiteko asmorik badutela, eta halakorik balego, biziki eskertuko dizuegu zuen erantzun idatzia jarraieko helbidera bidaltzea:
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna Kulturen Arragoa saila Dr. Huizi kalea, 15-1 E-20.140 ANDOAIN GIPUZKOA ✸ Edota ondoko telekopia zenbakira: 34 (España) 943-300-731 ✸ Dei egin dezakezue ere honako telefono zenbakira: 34-943-300-733. ✸ Edota, azkenik, posta elektronikoa baliatu: larramendi@topagunea.comManuel Larramendi Kultur Bazkuna
Zizurkil
Andoain
Urnieta