Herriak >> Andoain
1857. urtean, San Millango markesarenak ziren Andoaingo Lasterrain eta Txitibar lursailetan La Algodonera Guipuzcoana izeneko ehungintza eta oihalgintza lantegia eraiki eta zabaldu zuten, Zulueta eta Gaskon jaunek. La Algodonera Guipuzcoana empresa hori XIX. mendeko industrializazioaren zutoin nagusienetakoa izan zen Oria ibaiaren arroan, Andoaingo herriaren eta eskualearen modernizazioaren eragile nagusia izan zen –Etxeberrieta auzo osoa lantegi horren eraginez sortu zen-, eta eskualdera industrializazioa ekarri zuen lantegi nagusia.
Lantegi horretako astalkagailu, harilkagailu eta ehuna eta oihala ekoizteko gainerako tresneriatan ehunka emakume hasi zen lanean sortuz geroztik. Esan liteke, zalantza izpirik gabe, industriaren gizarte berrian eta horren ondorioz sortu zen lan-merkatu berrian gizatalde gisa sarrera egin zuten lehenengo emakumeak haiek izan zirela, La Algodonerako lantegietan 300 emakumeraino aritu baitzen aldi berean lanean. Horrek, jakina, gizarte bizitza guztiz eraldatu zuen Andoaingo herrian. Etxeberrietako auzune berria eraiki zen lantegian ziharduten familiak bertan etxebizitza har zezaten, eta eragin demografikoa handia izan zen.
La Algodonerako emakume haiek industrializazioaren lan-mundura sartuz bertan jarduteko egin behar izan zuten ahalegina izugarria izan zen: gizasemeak guztiz menderatzen zuen gizarte batean, emakumea eskulan merke, disziplinatu eta saiatua zen. Emakume askok lantegiko lan-jardunari heldu aurretik, egunsentiarekin jaiki eta etxeko lanak ahal zuten guztia aurreratu behar zituzten, haurrak amoña edo sendikoren baten ardurapean utzi eta lantegira jaitsi, bertan hamar edo hamabi orduz lan egiteko. Lantegiko jarduna amaitu eta berriro etxera, berriro etxeko lan guztiak zain…, eta izango zen, iluntzeko azken orduan, taberna zulora jaitsi beharra izango zuenik gizona bertatik etxera eramateko. Lan eta lo: horixe zen XIX. mendeko industrializazio garaian lan-merkatu berrira sartu ziren emakume haien guztien bizimodua.
La Algodonera Guipuzcoanaren jarduna 1965. urtera arte luzatu zen, baina mende pasatxoko ibilbide horretan gorabehera ugari izan zuen: krisiak eta itxierak, jabe aldaketak, ekoizpenaren bilakaera… Hain handia zen bertan lan egiten zuen emakume kopurua eta haien artean haurrak zituztenei halako arazoa sortzen zitzaien haiek zaintzeko garaian –amaren guztizko ardura baitzen orduan haurrak zaindu, hezi eta hazitzea- 1930eko hamarkadatatik aurrera, La Algodonera Guipuzcoana lantegiak haurtzaindegia zabaldu zuela haurrak eskolatik kanpo zainpean zituzten emakumeentzat. Horretan ere aitzindari izan zen La Algodonera Gipuzkoan.
Jakina, ia 110 urteko bizitzan asko aldatu ziren –zorionez!- lan-baldintzak emakumeentzat Algodoneran: piskanaka-piskanaka gizasemeentzat bezala emakumeentzat ere gauzak hobera egin zuten, eta XIX. mendeko erdialdeko baldintza gogor horiek, piskanaka, arintzen joan ziren. Baina, nolanahi ere, emakumearena beti jardun gutxietsia izan zen, soldatatan gizasemeekiko zuten aldea ehun urte horietan txikitu ez ezik handitu ere egin baitzen Frankismoaren lehen urteetan.
Orain, iritsia da XIX. mendeko emakume langile aitzindari haiei omenaldia egiteko garaia. Emakumea, etxeko eta baserriko langile porrokatua izateaz gain industrializazioko langile bihurtu baitzen XIX. mendean, prozesu haren hasiera-hasieratik. Iritsi da garaia eskertzeko emakume haiei gizarte hau modernizatzeko, emakumearen berdintasunean urrats berriak eman eta atzean ez gelditzeko egin zuten ahalegin eta sakrifizio handia.
Horretarako, XIX. mendeko emakume haien oinordekoak bildu nahi ditugu, La Algodonera Guipuzcoana lantegian lan egin zuten azken belaunaldietako ia 100 emakume bizi baitira oraindik. Hauek dira XIX. mendeko aitzindari haien ondorengoak eta bizi direnak bildu eta omenduz aitzindariei egin nahi diegu omenaldia. La Algodonera Guipuzcoana enpresa zegoen orube handian etxesail berriak egin dira, eta etxesail horien arteko plazatxoei Algodonerako Emakumeen plaza izena eman zien Andoaingo Udalak 2003. urtean Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren proposamenez. Xedea garbia zen: XIX. mendeko emakume haiek inudstrializazio prozesuan izan zuten protagonismo garbia eta neketsua aldarrikatu, aintzatetsi eta eskertzea.
Eskerron horren adierazpide gisa martxoaren 11-n, igandearekin, Algodonerako Emakumeak izeneko plazan Algodoneran lan egin eta orandik bizirik diren emakumeekin omenaldia antolatu dugu. Omenaldiak ondokoan datza:
Omenaldi apal baina mamitsua, nahikoa gizartearengan eta emakume horiengan piztutzeko berdintasunaren bidean emakume horiek guztiek egin zuten lehen ahalegin eta sakrifizio horren kontzientzia.
1998 urtean hasi ginen Santa Agedako erronda kalez kale egiten. +Gehiago irakurri
1998 urtean hasi ginen Santa Agedako erronda kalez kale egiten. +Gehiago irakurri
Manuel Larramendi Kultur Bazkuna
Zizurkil
Andoain
Urnieta